Edukira joan

Ondeste

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ondestea
Xehetasunak
Honen parteHeste lodia
Kokapenapelbiseko barrunbea
ArtikulazioaKolona
sigma
anal canal (en) Itzuli
Hona
drenatzen du
superior rectal vein (en) Itzuli
Inferior mesenteric lymph nodes (en) Itzuli
Identifikadoreak
LatinezRectum
MeSHeta A03.556.249.249.767 A03.556.124.526.767 eta A03.556.249.249.767
TAA05.7.04.001
FMA14544
Terminologia anatomikoa

Ondestea heste lodiaren azken zatia da, kolonean hasi eta uzkian amaitzen dena. Gizakiarengan 12 zentimetro inguru luze izaten da. Erdialdean zabalgune bat du, eta bertan elikagaietatik geratzen diren hondakinak pilatzen dira uzkira iritsi aurretik.

Deskribapen anatomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Digestio hodiaren bukaerako zatia da, hain zuzen heste lodiaren azken zatia, eta 10-20 zentimetro inguruko luzera dauka (emakumeetan laburragoa da). Gorputzaren erdiguneko marran kokatzen da, eta S3 mailaren parean hastzen da. Albotik ikusten badugu, S itxura dauka, errain-hezurak eta uzkornoak erakusten duten makurdura edo bihurguneen ondorioz.

Zeharka ebakitzen badugu, 3 toles ikusiko ditugu; ilargierdi itxurako tolesak deritzenak: toles bat (bitartekoa) eskuinean, eta beste biak (goikoa eta behekoa) ezkerraldean. Toles horiek eragiten dute aurretik aipatutako bihurguneak agertzea, justu beraien inguruan. Eskuineko (bitartekoa) tolesa dagoen lekuan, haren goian eta behealdean, bi bihurgune daude. Ezkerrean, aldiz, bi tolesen artean dago bihurgunea (bihurgune nagusia).

Alboko aurpegitik begiratuz, errainezurraren aurrean kokatzen dela ikus dezakegu, errain hezur horren formara moldatzen delarik. Errainezurrak makurdura egiten duenez (errainezur lordosia), eta uzkornoak aurrerantz egiten duenez, ondesteak ere berdin egiten du. Uzkorno maila horretara arte aurrerantz egiten badu ere, uzkorno maila horretan berriro ere atzerantz egiten du, makurdura atzealderantz geldituz.

Ondestearen atalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondestea bi zatitan banatzen da, eta bien artean lotune bat dago, muga eginez: uzki-ondestetako lerroa​ (uzki kanala eta goiko zatia hasten den eremuan).

  1. Goiko zatia edo azpilekoa: honek, atal berezi bat dauka, ondestearen anpulua. Hau, zatirik zabalena da eta justu, eskuineko tolesetik beheranzko zatia da. Bertan gorotzak pilatuko dira, gorotz zilindroa eratuz, uraren birxurgapenaren ondorioz.
  2. Beheko zatia edo uzki kanal​a: peritoneoz kanpokoa da, hain zuzen uzkorno mailatik atzerantz egiten duen zatia eta azpil zorua (perine eremua) zeharkatzen du.
Irudian kanpoko esfinterra (exterior sphincter) eta barneko esfinterra (interior sphincter) ikus daitezke.

Beheko zati horretan bi esfinter daude:

  1. Barnekoa: giharrezko zuntz lauez eratua, hortaz, inboluntarioa izango da.
  2. Kanpokoa: gihar ildaskatuaz osatutakoa, hortaz, boluntarioa izango da.

Goiko aldea endodermikoa eta behekoa ektodermikoa dira. 3-4 zentimetroko luzera du eta egitura desberdinak aurkituko ditugu mukosatik begiratuz:

  1. Uzkiko zutabeak edo Morgagniren zutabeak: luzetarako tolesak dira eta beraien sakonean, zain plexuak daude. Azken horiek eragiten dituzte zutabe horiek. Zain plexu hauek dilatatzen direnean barneko hemorroideak sortzen dira.
  2. Uzkiko balbulak: Zutabeen behealdean daude, zutabeak bata-bestearekin lotzen. Enara habi itxura dute.
  3. Uzkiko sinuak: Balbulen goialdean eta zutabeen artean daude.

Uzkiko balbula hauek bata bestearekin lotzean lerro pektinatua eratzen dute, orrazi itxura duena. Lerro pektinatua garrantzitsua da, jatorri endodermikoa eta ektodermikoa duten uzki kanaleko zatiak banatzen baititu. Lerrotik gora endodermikoa da eta lerrotik behera ektodermikoa. Arrazoi horrengatik, liburu askotan ondestea lerro horretaraino kontsideratzen da eta hortik aurrera kokatzen den uzki kanalaren zatia ez dute ondestea kontsideratzen.

Lerro pektinatuaren behealdean, beste eremu bat dago: Pekten eremua. Pekten eremu hau zuriagoa eta leunagoa da eta, horregatik, "zona alba" ere deitzen zaio. Eremu horren behealdean, ildo bat dago: uzki-larruazaletako ildoa. Ildo horren agerpena epitelioaren aldaketa bat da. Izan ere, hortik behera kokatzen diren zelula epitelialak keratinizatuak daude.

Uzki kanalaren beheko muga, uzki zuloa da.

Bestalde, uzki kanalaren luzera eta, ondorioz, izendapena desberdina da ikuspuntu anatomikoa edo kirurgikoa hartuz gero.  

  1. Uzki kanal anatomikoa: Honek lehen aipatutako ektodermiko eta endodermiko izate horri egiten dio erreferentzia, hau da, lerro pektinatua dagoen erremu horri. Uzkitik 2,5-3 zentimetrora dago.
  2. Uzki kanal kirurgikoa: Kirurgia aldetik beste maila bat izaten da interesgarriago. Hau, uzkiaren zutabeak bukatzen diren eremuan dago. Justu, uzki-ondestetako lotunea dagoen eremuan. Uzkitik 4-5 zentimetrora dago.

Ondestearen geruzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondesteak geruza ezberdinak ditu eta bakoitzak bere ezaugarriak dauzka. Geruza nabarienak mukosazko geruza eta giharrezko geruza dira.

Ondestearen mukosa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, ondestearen mukosaren gehiengoa, ondestearen goiko zatiarena, endodermikoa da.  Uzki kanalaren goiko zatia ere endodermikoa da, baina beheko zatiaren mukosa, ektodermikoa.

Bere koloreari dagokionez, kolon sigmoideoarena baino gorriagoa da, odoleztatuagoa dagoelako.

Mukosa horretan agertzen dira aurrez aipatutako tolesak (bitartekoa, goikoa eta ezkerrekoa).

Ondestearen giharrezko geruza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzetarako geruzak ondeste guztia hartzen du eta jada ez dugu kolonean zeuden tenia edota haustrarik izango. Bi giharrezko geruza ezberdintzen dira: luzetarako geruza, kanpoaldean dagoena, eta geruza biribila, barnealdean dagoena. Giharrezko geruza horiek dira esfinterrak osatzen dituztenak.

  1. Barnekoa: Giharrezko zuntz lauez eratua dago. Luzetarako zuntzak hain zuzen, gihar biribilak bukatzen diren gune horretaraino iristen dira (esfinterraren behealdetik) eta bertan mukosarekin bat egiten dute.  Ondorioz, uzki-larruazaletako lerroaren maila berean agertzen da esfinter arteko ildoa deritzona. Hori, luzetarako zuntzek mukosarekin bat egiten dutelako da.
  2. Kanpokoa: Gihar ildaskatuaz osaturik dago.

Ondestearen odoleztapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondestearen odoleztapena ezberdina da eremuaren arabera.

Azpil eremuko arteriak.

Ondestearen goikaldea goiko ondeste arteriak odoleztatzen du, eta hori beheko arteria mesenterikoaren adar bat da. S3 mailan (azpil-eremuan) bitan banatzen da, eskuin eta ezker adarretan, ondestearen eskuineko eta ezkerreko aldeak odoleztatzen dituztenak.

Erdiko eremua erdiko ondeste-arteriak odoleztatzen du eta hau barneko ilion arteriatik ateratzen da.

Beheko atala, ordea, beheko ondeste-arteriak odoleztatzen du, zeina barneko arteria pudendaren adar bat den.

Zain itzulia ere beheko mesenterio zainaren bidez burutzen da. Horrek porta zaina osatzen du goiko zain mesenterikoaekin eta bare zainarekin elkartzean. Bertan drainatzen dute hirurek.

Ondestearen inerbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plexu enterikoa arduratzen da ondestearen eta gainontzeko kolonaren atalen inerbazioaz. Zuntz sinpatiko zein parasinpatikoak ditugu bertan.

Sinpatikoaren kasuan, gongoil osteko zuntzak dira plexu enterikora iristen direnak. Gongoil aurreko zuntzak bizkarmuinaren T9-L2 mailetatik ateratzen dira, hor izaten dute 1. neurona. Zuntz horiek nerbio esplankniko nagusi, txiki eta txikienetik eta gerriko nerbio esplanknikoetatik bideratzen dira. 2. neurona gongoil zeliako, aorta-giltzurrunetako gongoiletan, goiko eta beheko mesenterio gongoiletan (batez ere) izaten dute. Horietatik gongoil osteko zuntzak goiko eta beheko mesenterio arteriekin batera abiatzen dira heste-muskuluetara, plexu enterikoa. Sinpatikoak peristaltismoa txikiagotzen du (hesteen mugimendua) eta basokontrikzioa eragiten.

Parasinpatikoaren kasuan, bere zuntzak bi taldetan banatzen dira: garaldeko zuntzak eta azpileko zuntzak, baina ondestearen kasuan azpileko atalak du garrantzia.

  1. Azpileko zuntzak: bizkarmuinaren S2, S3 eta S4 mailetan dute 1. neurona. Beheko hipogastrio plexura heltzen dira zuntzak eta, bertatik, plexu enterikora bideratzen, non 2. neurona kokatzen den. Ondoren, gongoil osteko zuntzak erraietara bideratzen dira inerbazioa burutzeko.

Parasinpatikoak peristaltismoa handiagotzen du (hesteen mugimendua) eta heste jariapena areagotzen.[1][2][3][4]

Ondeste-haztapen edo ondeste-ukipen azterketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondeste-haztapen edo ondeste-ukipen azterketa ondestearen oinalde edo behekaldean burutzen den azterketa garrantzitsu bat da, ondestearekin berarekin edota prostatarekin erlazionatutako patologiak diagnostikatzeko. Horretarako, medikuak behatz bat uzki zulotik barrena sartzen du eta ingurua miatzen.

Azterketa hau egitearen arrazoiak hainbat izan daitezke, baina ondorengoak dira ohikoenak:

  1. Errebisio gisa emakumezko zein gizonezkoetan
  2. Digestio aparatuarekin erlazionatutako odol jarioren bat dagoela susmatzen denean
  3. Prostataren handipena edo infekzioak aztertzeko
  4. Gorozkien lagina lortzeko

Prostatako minbizia detektazeko oso baliagarria da, bertan prostataren handipen nabarmen bat nabaritzen baita. Horregatik, 50 urtetik gorako gizonezkoei azterketa hau egitea gomendatzen zaie, prostatako minbizia baita minbizirik ohikoena adin-tarte horretako gizonezkoetan. Beraz, ondeste-ukipen azterketa prebentzio gisa asko erabiltzen den teknika dela esan daiteke.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Dauber, Wolfgang. (2019). «13 Venen» Feneis’ Bild-Lexikon der Anatomie (Georg Thieme Verlag) (Noiz kontsultatua: 2021-12-03).
  2. Drake, R.L.. (2020). Grey, Anatomia para estudiantes. 4ª edición.. Elsevier.
  3. Netter, F.H.. (2019). Atlas de Anatomía Humana. 7ª edición.. Elsevier.
  4. Schünke, M.. (2022). Prometheus. Texto y Atlas de Anatomía. Obra completa (3 vols.) 5ªedición.. Panamericana.
  5. (Gaztelaniaz) «Tacto rectal: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]